Espainiako Gobernuak Euskadiko enpresaburuekin partekatzen ditu konektibitatea biztanleria osora zabaltzeko eta 5G sarea garatzeko Berreskuratze Planaren aurrerapenak

15/11/2021

  • Gobernuaren Ordezkaritzak eta Telekomunikazioen Estatu idazkariak euskal enpresekin topaketa antolatu dute UNICO – Banda Ancha Programaren aurrerapenak aurkezteko,  Euskadin estaldura 19.500 etxe eta enpresa baino gehiagotara zabaltzeko 3,5 milioi eurotik gorako laguntzak emango dituena.
  • Estatuko idazkariak, halaber, Euskadik kudeatuko dituen 20,3 milioi euroko laguntzak aurkeztu ditu, herritarrek prestakuntza eta gaitasun digitalak eskuratzeko ekintzak egiteko bai eta UNICO Programaren esparruan konektibitatea hobetzeko ere.
  • Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak 4.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2023ra arte 100 Mbps-ko banda zabala Espainiako biztanle guztiengana irits dadin, zibersegurtasuneko ekosistema bat bultza dezan eta 5Garen hedapena azkartu dezan.

 

Roberto Sánchez Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu idazkaria Bilbon bildu da gaur, EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasorekin batera, Ezagutzaren eta Teknologia Aplikatuaren Industrien (ICTA) sektoreko euskal enpresetako ordezkariekin.

EAEko Espainiako Gobernuak Ordezkaritzak Estatuko idazkariaren eta telekomunikazio-enpresen arteko topaketa hau antolatu du eta, horri esker, konpainia horietako ordezkariek Europako funtsetarako dituzten proiektuak helarazi dizkiote Estatuko idazkariari. Aldi berean, konpainietako ordezkariek bertatik bertara ezagutu dituzte Berreskuratze Planeko ekintzak eta 2021ean konektibitatea zabaltzeko eta 5Gra bultzatzeko abian jarritako deialdiei buruzko informazioa lortu dute.

Estatuko idazkariak UNICO Programaren xehetasunak eman ditu. Bertan hainbat programa eta irtenbide sartuko dira abiadura oso handiko banda zabaleko azpiegiturak hedatzeko, gutxienez 300 Mbps-ko abiaduran zerbitzuak emateko gai direnak, Gbps 1era igo daitezkeenak, erronka demografikoari aurre egiteko eta lurraldeko arrail digitala amaitzeko, bai eta 5Gren hedapena bizkortzeko ere.

UNICO-Banda Ancha Programaren lehen deialdiak, zeinaren behin-behineko ebazpena urriaren 28an argitaratu baitzen, askoz zuzkidura handiagoa du Berreskuratze Planeko funtsei esker: 250 milioi deialdi bakarrean, banda zabaleko programen inoizko zuzkidura handiena Espainian. Euskadin, UNICO Programak 3.525.000 milioi euroko laguntzak emango ditu eta, gutxienez, Autonomia Erkidego osoan 19.500 etxe eta etxebizitzatara zabaltzea ahalbidetuko du.

Estatuko idazkariak Euskadi zuzenean kudeatuko dituen 20,3 M €-ko laguntzak ere aurkeztu ditu herritarrek gaitasun digitalak eskuratu eta prestatzeko ekintzetarako, bai eta konektagarritasuna hobetzeko ere UNICO Programaren esparruan: ÚNICO-Servicios Públicos, erreferentziako zentroetan banda zabaleko azpiegitura finantzatzeko, hala nola ospitaleetan, osasun-zentroetan, hezkuntza-zentroetan eta prestakuntza-zentroetan; ÚNICO-Industria, poligono, zentro logistiko eta jarduera ekonomikoko kontzentrazio-eremuetan konektagarritasuna indartzeko helburuaz;        ÚNICO-Bono Social, familia kalteberek banda zabal finkoko konexioa kontratatu edo hobetu ahal izatea ahalbidetuko duena; ÚNICO-Edificios eta 2000. urtea baino lehen eraikitako eraikinetan telekomunikazio-instalazioak hobetzea helburu duena.

 

Estatuko idazkariarekin izandako bileran enpresa hauek parte hartu dute:

Ikusi

VELATIA Taldeko enpresa bat da, negozioen eraldaketa digitalerako ingeniaritza eta garapen teknologikoan diharduena. Oinarri teknologikoko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Owasys

M2M merkaturako diseinu eta fabrikazio ingeniaritzako konpainia bat da, 2002an sortua. Plataforma Irekiak sortzea eta Sistemen Integratzaileentzako eta Zerbitzu Hornitzaileentzako Soluzioak ematea du helburu, horiek M2M eta IoT aplikazio berritzaileak gara ditzaten.

Tecci Zirkuitu inprimatuak

Elektronika profesionalerako kalitate handiko zirkuitu inprimatuen fabrikatzailea, teknologia guztietan. Geruza bikoitzeko zirkuitu inprimatuen fabrikatzaileen merkatuan erreferentziazko enpresa da, 30 urte baino gehiagoko esperientziaz  elektronika profesionalean.

Versia

Berrikuntza teknologikoan lider den enpresa-taldea. Teknologia eta berrikuntza guztiak erakundeetan ezartzea errazten du eta, horretarako, zerbitzuak ematen ditu arlo hauetan: IKT estrategia, Soluzioen garapena, Sistemen teknika, Zibersegurtasuna, Aktibo teknologikoen kudeaketa, Contac Center, Data Center.

GAIA (CLUSTER Jakintza eta Teknologia Aplikatua Euskadi)

Euskadiko Jakintza eta Teknologia Aplikatuko Industrien Elkartea da eta sektore horretako 260 enpresa baino gehiago biltzen ditu. Lankidetzako Berrikuntzan erreferente izatea du helburu, jakintzan eta teknologia propioan oinarritutako soluzio globalki lehiakorrak eratu eta abian jartzeko.

SoCe System-On-Chip Engineering

SOC-e FPGA teknologian oinarritutako Ethernet komunikazio soluzioen munduko hornitzaile liderra da. Enpresa aitzindaria da IP nukleoen katalogo bat garatzen, sistema kritikoetarako segurtasun-teknologiak, sinkronizazioa eta abangoardiako sareak inplementatzen dituztenak. SoC-e teknologia 100 proiektu baino gehiagotan aplikatu da mundu osoan, sektore elektriko, industrial eta aeroespazialerako oso aplikazio desberdinetan