Bilbo izango da Moncloak eta Europako erakundeek bultzatzen duten Zientziaren eta Berrikuntzaren Etorkizunari buruzko Elkarrizketaren egoitza

Bilbo izango da Moncloak eta Europako erakundeek bultzatzen duten Zientziaren eta Berrikuntzaren Etorkizunari buruzko Elkarrizketaren egoitza

13/10/2021

  • Elkarrizketa urriaren 18 eta 19an egingo da Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoan eta parte hartu nahi duten herritar guztiei irekita egongo da.

 

Bilbo izango da Espainiako Gobernuak, Europako Batzordeak, Europako Parlamentuak eta herrialdeko beste 70 erakundek etorkizunari buruz antolatzen dituzten Elkarrizketetako baten egoitza epe luzeko pentsamendua sustatzeko eta Espainia 2050 estrategian zein Europaren etorkizunari buruzko Konferentzian sar daitezkeen proposamenak biltzeko. Euskadi hautatu dute elkarrizketa hori hartzeko zientzian eta berrikuntzan Europan erreferente delako.

Elkarrizketa Zientziaren eta Berrikuntzaren Etorkizunean jorratuko da, eta hainbat eztabaida-mahaik, goi-mailako bilerek eta herritarren tailerrek osatuko dute. Horietan, COVID osteko garaian gure herrialdeko sistema zientifiko eta berritzaileek dituzten erronka nagusiak aztertuko dira, finantzaketatik hasi eta aurkikuntza nahiz garapen zientifikoen ustiapen komertzial handiagoa eragozten duten oztopo tekniko eta administratiboetaraino. Saioak Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoan egingo dira eta bertaratuta parte hartu nahi duten herritar guztientzat zabalik egongo dira, www.futuros.gob.es/ciencia webgunean izena eman ondoren, edo modu birtualean.

Hizlarien artean egongo dira Gobernuko hirugarren presidenteordea eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa, Teresa Ribera; Zientzia eta Berrikuntzako ministroa, Diana Morant; eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Arantxa Tapia. Elkarrizketaren inaugurazioan, hilaren 18an, astelehenean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak hartuko dute parte. Ekitaldia hilaren 19an itxiko dute euskal unibertsitateetako hiru errektoreek eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Sektoreko enpresari, ekintzaile, akademiko eta kazetari ugarik ere parte hartuko dute. Hala nahi duten herritarrek mahaietan eta bi tailerretan parte hartu ahal izango dute, batxilergoko eta goi-mailako hezkuntzako ikasleei eta irakasleei zuzenduta, zientzia- eta teknologia-gaietan.

Euskadiren ondoren, Elkarrizketek herrialdeko gainerako autonomia-erkidegoetan jarraituko dute. Guztira, 40 jardunaldi, 100 eztabaida-mahai, 37 herritarren tailer eta goi-mailako bilera ugari izango dira, non 500 hizlari baino gehiagok parte hartuko duten. Haien artean izango dira, besteak beste, Gobernuko presidentea eta presidenteordeak, autonomietako presidenteak eta kontseilariak, ministroak, estatu-idazkariak, Europako Batzordeko eta Europako Parlamentuko goi-kargudunak eta adituak, alkateak, CEOak, ekintzaileak, akademikoak, kazetariak eta hirugarren sektoreko eta gizarte zibileko liderrak.

Elkarrizketaren helburua eztabaida publikoa aberastea eta COVID osteko munduan izan gaitezkeen eta izan nahi dugun herrialdeari buruzko solasaldian herritarrei zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzea da. Hizlariek eta herritarrek bileretan aurkezten dituzten ideiak Gobernuaren Prospektiba eta Estrategia Bulego Nazionala Espainia 2050 proiektuan zati gisa prestatzen ari den Epe Luzeko Estrategia Nazionalean eta Europako Batzordeak eta Parlamentuak abian jarri duten Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian sartuko dira.

 

Programarako esteka: www.futuros.gob.es/ciencia