Baskonia-Alavés Taldeak bere Innovaraba proiektua aurkeztu dio Kirol Kontseilu Gorenari

30/09/2021

  • Topaketak, EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak antolatuta, balio izan du Jose Manuel Franco KKGko presidenteak Innovaraba zuzenean ezagutu dezan. EUNEIZ Unibertsitatea izango da proiektu horren motorra

Kirol Kontseilu Gorenak (KKG) zuzenean ezagutu du gaur Baskonia-Alavés taldeak sustatutako Innovaraba enpresa-proiektua, osasun, kirol, prestakuntza, ekintzailetza eta teknologia berrien arloan nazioarteko erreferente bihurtu nahi duena. Jose Manuel Franco KKGko presidentearen eta Baskonia-Alavés taldeko ordezkarien arteko bilera EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak antolatu du eta KKGren (Kultura eta Kirol Ministerioaren mendeko erakunde autonomoa) egoitzan egin da, Madrilen.

Topaketa honetan Denis Itxaso EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak eta Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak ere hartu dute parte. Baskonia-Alavés taldetik Jose Antonio Querejeta presidentea, Jesús Vazquez Instituzio eta Nazioarteko zuzendari nagusia eta Guillermo Oraá Finantza zuzendaria izan dira.

KKGko presidenteak zuzenean ezagutu ahal izan ditu Innovaraba proiektuaren ezaugarriak, ondorengoak edukiz: EUNEIZ Unibertsitatea, nazioarteko futbol akademia bat, nazioarteko ikastetxe bat, gazte kirolarientzako garapen eta teknifikazio zentro bat, ikasle eta kirolarientzako egoitza bat, startups azeleragailu bat eta ikerketa zein kirol medikuntza zentro bat. Proiektuak Vitoria-Gasteiz eta Araba hartzen ditu ardatz. Innovarabak gutxienez 64 milioi euroko inbertsio pribatua aurreikusten du.

Proiektuaren motor nagusia European University of Vitoria-Gasteiz (EUNEIZ) unibertsitatea da. "Kirolari, osasunari eta teknologia berriei lotutako campusa", adierazi dute sustatzaileek. Aurreikusita dago 2022-23 ikasturtean hastea eta lau urteko bost unibertsitate-gradu ezartzea: Eduki digital interaktiboak, Bideojokoetarako eta Joko aplikatuetarako Arte-sorkuntza, Musika-ekoizpena, Jarduera fisikoaren eta Kirolaren zientziak eta Fisioterapia.

Denis Itxasok Baskonia-Alavés taldearen ekimenari buruz azpimarratu duenez, "Araba kirol-industriaren garapen-gune gisa kokatu nahi du, prestakuntza, teknologia, ikerketa, ekintzailetza eta zerbitzuak uztartuz". "Kirolaren munduari eman nahi zaion ikuspegia edozein dela ere", gaineratu du, "ekintzailetza eta ezagutza eskatzen ditu".