Denis Itxaso: “Biktima izatea urteetan zehar bakardadean jasan behar izan zen estigma bihurtu zen”

 Denis Itxaso: “Biktima izatea urteetan zehar bakardadean jasan behar izan zen estigma bihurtu zen”

09/11/2021

  • Espainiako Gobernuak eta Oroimenerako Zentroak ETAren mehatxua jasan zutenei egindako omenaldia partekatu dute Oroimen Egunaren bezperan: “Hildakoez eta zaurituez gain, mehatxupean bizi izan eta askatasun osoa kendu zieten euskal gizarteko segmentu zehatz batzuei etengabeko kaltea egin zitzaiela.”

 

EAEko Gobernuaren Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak elkarrekin ospatu dute Oroimen Eguna Irungo Udaletxean egindako ekitaldi batez, protagonismo osoa eman zaien terrorismoaren biktimei, eta, bereziki, lanagatik, erantzukizunengatik ETA talde terroristaren mehatxua eta xantaia jasan zutenei. Oroimen Eguna Euskadin urtero azaroaren 10ean ospatzen da 2010ean ezarri zenetik, Patxi López lehendakariaren agintaldian, terrorismoaren biktimak gogoratzeko helburuaz.

Juan Luis Ibarra magistratuaren, Charo Zarzalejos kazetariaren, Emiliano López Achurra Petronorreko presidentearen eta Asun Guerra Andoaingo Udaleko zinegotzi ohiaren testigantzak protagonista izan dira ekitaldian. Bertan, Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin batera, Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendariak eta Denis Itxaso EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak hartu dute parte. Enpresa-munduko ordezkariak (hala nola Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea eta hainbat enpresatako zuzendariak), epailetzako ordezkariak (Carmén Adán Euskadiko fiskal nagusia), komunikabideetako ordezkariak (Gabriel Múgica Diario Vascoko zuzendari ohia) edo ETAren biktimen ordezkariak bertaratu dira ekitaldira publiko gisa.

EAEko Gobernuaren Ordezkariak hitzaldian azaldu zuenez, “biktima izatea estigma bihurtu zen”, jasan behar zena, urteetan zehar gure bizitza bilakatu zen burbuila haren bakardadean, ulertezintasunaren isiltasun mingotsean kapsulatuta”.

Hala, gogoratu zuen batzuetan ahaztu egiten dela, hildakoez eta zaurituez gain, “mehatxupean bizi izan eta askatasun osoa kendu zieten euskal gizarteko segmentu zehatz batzuei etengabeko kaltea egin zitzaiela”. Itxasok azpimarratu zuenez, horrek guztiak enpresaburuei, epaileei, zinegotziei edo kazetariei ekarri zien xantaia eta eskarnioa “gizarte plural eta demokratiko baten oinarri diren zutabeak ahultzeko ahalegina izan zen”.

Horregatik, Oroimen Egunaren edizio honek fenomeno hori azpimarratu zein “euskal herritar horien guztien ausardia eta gizalegezko kemena omendu eta aitortu nahi ditu, beren haragien mehatxua eta xantaia beren gain hartu baitzuten demokrazia eta Zuzenbidezko Estatua babesteko”.

 

“Kostu pertsonal kalkulaezina”

“Gaur egun badakigu, eta aldarrikatzen dugu, ez dela posible oraina eta etorkizuna eraiki oroimenik gabe, nahiz eta amnesia edo oroimen edulkoraratua inoren mina arintzeko baltsamorik onena bezala aurkezten saiatzen denik inor egon”. Hitzaldian, Denis Itxaso EAEko Gobernuaren Ordezkariak azpimarratu ere azpimarratu duenez, “indarkeriaren aurreko konpromisoak, bakoitzak bere erantzukizunetik –epailetza, enpresa, kazetaritza, segurtasun indarrak–, kostu pertsonal kalkulaezina izan zuen. Hiritar anonimoak, heroi rola hartzera deituak ez ginenak eta gure bizitzak bakean eta askatasunean bizitzea besterik nahi ez genuenak, nork bere esparru pertsonalean, profesionalean eta familiarrean, bat-batean, berreskuratzeko urteak beharko genituzkeen hainbat gauza txikiri uko egitera behartuak izan ginen”.

“Batzuetan”, Denis Itxasok hitz egitean hausnartu duenez, “konpromiso pertsonal hura partekatua ote zen planteatu genuen, indarkeriatik kanpo bizi zenak askok gure gain hartu genuen papera ulertzen ez zuela ikusi ondoren. Gure pairamenak mehatxutik kanpo bizi eta gozatzen zirenen zoriona itsusi egiten balu bezala.”

Gobernuaren ordezkariaren ustez, “abandonu, arnas eta elkartasun falta sentsazio horrek hainbeste familia bultzatu zituen gure herrialdetik ateratzera, mehatxutik eta hertsapenetik urrun zegoen leku baten bila”. “Presioari eustea bereziki itogarria eta jasanezina zen. Terroristen dianan egoteak bakoitza bere mundutik ateratzen zuen, xantaiari amore ez emateko erabaki hutsa hartzeagatik, estralurtar antzeko bat bihurtuz”.

Oroimena eskatuz eta aldarrikatuz, Denis Itxasok parte-hartzea bukatu du esker onik sakonena adieraziz bere konpromisoagatik eta bere ereduagatik era batera edo bestera ekitaldian egon diren guztiei edo parte hartu dutenengan ordezkatuta sentitu diren  guztiei.